Udal ordezkariek eta Jordi Colomer teknikariak eztabaida eta erabakitze prozesuko bileren lehenengo txandatik ateratako ekarpen eta ondorioak aurkeztu zituzten atzo ilunabarrean udaletxeko pleno aretoan. 

091203 2. osoko batzarra

Aitor Etxeberria alkateak eta Enrike Lekuona hirigintza zinegotziak aipatu bezala, “gustura gaude orain arte herritarrek izan duten parte-hartze eta jarrerarekin”. Atez ateko hondakinen gaikako bilketa da egungo kudeaketa sistemak sortzen dizkigun osasun, ingurumen, ekonomia eta lege arazoei irtenbide osoena ematen dien sistema, eta herritarrak honen aldeko apustua egiteko prest azaldu dira. Bileren lehenengo txanda amaitu berritan, udalak ekarpen ugari jaso ditu eta baliagarriak izango dira Oiartzungo atez ateko bilketa definitu eta hobetzeko. 

Udalak auzotar, merkatari eta ostalariekin egin dituen orain arteko batzarretatik jasotakoaren arabera, herritarrak ados daude beren hondakinak gauez biltzearekin. Zintzilikailuak, aportazio zein emergentzia guneak eta garbiguneak ere azpiegitura egokiak direla ondorioztatu da. Hala ere, San Markoseko kamioiaren (garbigune mugikorra) eta beiraren igluen zerbitzua indartzea eskatu denez, horretarako baliabideak jarriko dira. 

Bestelako ekarpen eta iritzi gehiago ere jaso dira. Alkateak esan bezala, ahal bezain ekarpen gehien kontuan hartuz eta landuz, “atez atekoak Oiartzunen izango duen funtzionamendua definitu behar dugu; udalak jarriko ditu etxean sortzen zaizkigun arazoei irtenbidea emateko baliabideak”.

  Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu