Agenda ekintzaz betea!

Astea interesgarria izaten ari da, eta ostirala aprobetxatuko dugu, agenda kulturalen moduan, horren guztiaren berri emateko.

“Gipuzkoa Zero Zabor”, mugimendu soziala: Atez atekoaren aldeko eta erraustearen aurkako taldeek bat egin, eta Gipuzkoa Zero Zabor gizarte mugimendua sortu dute. Talde oiartzuarrak ere badira tartean. Gipuzkoa “Zero Zabor” lurraldea izatea bultzatzeko asmoz eta errauste-planta beharrezkoa ez dela frogatzeko sortu da taldea. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten beren burua. Ikusi hemen bideoaSMM konferentzia ekonomikoa

Atez atekoaren abantaila ekonomikoen gaineko konferentzia: Gaur goizeko 11:00an Jordi Colomer teknikari kataluniarrak atez atekoaren abantaila ekonomikoez hitz egingo du Gipuzkoako Merkataritza Ganberan. Hainbat udaletako ordezkariak eta ingurumen teknikariak izango ditu entzule. Sanmarko Mankomunitateak antolatu du eta zuzenean emango du Interneten.

Errauste-plantarentzat sei urteko moratoria eskatzeko manifestazioa: Igandean (ekainak 20) izango da Donostian: eguerdiko 12:00an abiatuko da Boulevard-etik. Usurbilgo Itunak eta Errausketaren Aurkako Koordinakundeak deituta, Zubietako errauste-plantarentzat sei urteko moratoria eskatzea da helburua. Antolatzaileek herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia.

Iruzkina gehitu

100604 errausketa manifaErrausketaren Aurkako Koordinakundeak eta Usurbilgo Itunak Zubietako errauste-plantaren aurkako manifestazioa deitu dute datorren ekainaren 20rako (igandea). Eguerdiko 12:00an aterako da martxa Donostiako Boulevard-etik gipuzkoarrok hondakinen arazoari egiazko irtenbidea emateko aukera bat izan dezagun eta errauste-plantarentzat moratoria eskatuz.

Iruzkina gehitu

Atzoko eguna emankorra izan zen; gauza mordoa dugu kontatzeko.

Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako ikasleek hondakinen gaia jorratu dute aurtengo ikasturtean Agenda21-en bitartez, eta atzo Aitor Etxeberria alkateari eta Jon Kortajarena teknikariari beren ondorio eta proposamenak aurkeztu zizkieten udaletxean.

Ikasleeak jakitun dira hondakinen arazoaren larritasunaz, eta ulertzen dute udalak hondakinak biltzeko sistema aldatzeko hartutako erabakia. Beraiek ere beren hondar alea jartzeko prest daude eta horregatik, “gurasoei lagunduko diegu hondakinak egoki sailkatzen eta ahal dugunak konposta egingo dugu gure hondar organikoekin”.

Alkateak beren proposamenak eta ondorioak jakanarazi izana eskertu zieten. Finean, “atez ateko bilketa etorkizuneko apustua da, eta zuek zarete herri honen etorkizuna”. Bide beretik jarraitzeko eskatu zien Etxeberriak ikasleei, “zuek erakusten baitiezue askotan gurasoei hondakinak egoki sailkatzen”. Ikusi bideoa

100526 destruktora

Ikasleek udal ordezkariek izan zuten bileraz gain, atez ateko informazio bulegoko teknikariek paperarentzako birringailua jarri dute Manuel Lekuona bibliotekan. Herritarren eskaerari jarraiki, konfidentzialak diren dokumentuak paperetara bota aurretik birrindu ahal izateko jarri da eta herritar ororen eskura dago.

Baina oraindik badago gehiago, atez atekoaren bidean beste pauso bat gehiago eman dugu: Orioko Udalak ere bat egin du Usurbilgo Itunarekin; errauste-plantarentzat sei urteko moratoriarekin eta Usurbilgo hondakinak biltzeko eredua (orain Hernani eta Oiartzungoa ere badena) eraginkorra dela esatearekin, alegia. 

Iruzkina gehitu

Atzoko prentsaurrekoan Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak adierazi zuenez, “erakundeak alde batetik doaz eta herritarrak bestetik”. Inposiziotzat jo zuen Zubietako errauste plantaren proiektua eta Hernanik eta Oiartzunek atez ateko sistema ezarri bezperan Ingurumen baimena lortu dutela esatea atez ateko bilketa sistemari zangotraba egiteko eginda dagoela gaineratu zuen. “Atez atekoaren arrakasta itzaltzeko, herritarren kontzientzia gero eta handiagoa den honetan errauste planta bat inposatu nahi digute”.

imgp0034 usurbilgo ituna 100504

Rebeka Ubera (Aralar) eta Duñike Arrizabalaga (Alternatiba) bozeramaile lagun zituela, Usurbilgo alkateak Gipuzkoako Foru Diputazioari egotzi dio herritarrak etsitu nahi izana, “beren lana desaktibatzeko helburuarekin”.

Lotsa gutxi izatea leporatu zion Diputazioari, tximiniarik gabeko errauste planta aurkezteagatik. “Informazioa ezkutatu nahi dute, medioak erabili, errealitatea aldatzeko”. Usurbilgo alkatearen iritziz, Gipuzkoak aukera bat merezi du hondakinen arazoa irtenbide egoki batez konpontzeko, eta berriro 6 urteko moratoria eskatu zuen Zubietako errauste plantarentzat. “Atzerabueltarik ez duen egoera bat azaldu nahi dute, baina ez da egia, denbora asko dugu arazoa konpontzeko, epe luzeko arazoa delako”. Horregatik adierazi zuen Gipuzkoako Batzarretan euren iritzia emateko bilera eskatuko dutela, eta gauza bera egingo dutela Donostiako alkate Odon Elorzarekin eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanorekin.

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

Hainbat alderdi politikok, talde ekologistak eta gehingo sindikalak Usurbilgo Ituna sinatu zuten pasa den martxoaren 12an Donostiako Kursaalean. Sanmarko Mankomunitateko Batzarrak ere bat egin du Itunaren edukiarekin eta 6 urteko luzapena eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Zubietan egin nahi duen errauste plantarentzat.

“Egungo hondakinen kudeaketak ekarritako arazo larriak herritarren osasuna kaltetu gabe konpontzeko irtenbide osoena hondakinen atez ateko bilketa” dela diote Sanmarko Mankomunitatetik. Horrek ez du esan nahi ordea, ekonomia, ingurumena… kontuan hartzen ez direnik. Honez gain, Itunak Gipuzkoa osoan zero zabor programa ezartzeko eta garatzeko beharra jasotzen duela gogorarazi dute.

Sanmarkoko Mankomunitateak Hernani eta Oiartzungo Udalekin lankidetza hitzarmena sinatu du hondakinen gaikako bilketa bultzatzeko.

Iruzkina gehitu

100312 usurbilgo itunaGaur eguerdian Usurbilgo Ituna sinatu dute hainbat sindikatu, talde ekologista eta alderdi politikok Donostiako Kursaalean. Itun horretan, erraustegiarentzat 6 urteko moratoriaz gain, zero waste (zero zabor) politika bat jartzeko eskatzen zaie Gipuzkoako Ahaldun Nagusiei. ELA, CCOO, LAB, EHNE, EILAS, HIRU, ESK, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Errausketaren aurkako Koordinakundea, Ezker Abertzalea, Aralar, Ezker Batua, Alternatiba eta Berdeak taldeek sinatu dute ituna.

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu