…oinarrizkoa da hezkuntzak pertsonon izaera eta jokatzeko modua eraikitzeko garaian duen garrantzia. Oinez, idazten, irakurtzen… ikasten dugun bezala, hondakinak egoki eta zentzuz tratatzen ere ikasi egiten da; eta ez da inoiz ahazten.

Eskolak horretan duen eragina begi bistakoa da, eta ikastetxe eta irakasleen ardura ere bada hondakinen gaia ikasleekin lantzea. Esan gabe doa gurasoen lana ezinbestekoa eta behar-beharrezkoa dela.

“Hondakinak hezkuntzan” izena du Maider Iantzi kazetaria pasa den apirilaren 23an Gaur8 astekarian argitaratu zuen erreportaiak. Bertan, Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Herri Eskolan hondakinen gaia nola lantzen duten azaltzen dute Sorkunde Lekuonak eta Arantza Elortzak; bi ikastetxeetako zuzendariek.

Iruzkina gehitu

Oiartzungo Udalak berreskuratu ditu hiri hondakinak biltzeko eskumenak Sanmarko Mankomunitatetik. Egitasmoak ez du alegaziorik jaso eta atzoko ezohiko udalbatzarrean hartu zen hiri hondakinak biltzeko eskumenak berreskuratzeko erabakia. Beira ez beste hondakin atalak biltzea Oiartzungo Udalaren eskumena izango da aurrerantzean. 

100504 ezohiko batzarra

Horrez gain, Usurbilgo eta Hernaniko Udalekin batera hondakinak kudeatzeko enpresa bat sortzea ere erabaki du Oiartzungo Udalak. Oiartzungo Udalak kapitalaren %33a jarriko du bertan eta enpresak hainbat zerbitzu eskainiko dizkio Oiartzuni. Aitor Etxeberria alkatea izango da bertako Batzar Nagusian Oiartzungo ordezkari.

Hiru udalen arabera, atez atekoari jarritako trabak gainditzeko eratu da entitate hau, trabak gainditzeko aukera bakarra da. Izan ere, “Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste zenbait udalek atez atekoa atzera bota nahi dute ekonomia, azpiegitura… trabak jarriz. Horren guztiaren adibide dira Usurbilgo konposta-planta atzera bota izana eta konposta-kaxak eskuratzeko zailtasunak jartzea, besteak beste”.

Iruzkina gehitu

Atzoko prentsaurrekoan Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak adierazi zuenez, “erakundeak alde batetik doaz eta herritarrak bestetik”. Inposiziotzat jo zuen Zubietako errauste plantaren proiektua eta Hernanik eta Oiartzunek atez ateko sistema ezarri bezperan Ingurumen baimena lortu dutela esatea atez ateko bilketa sistemari zangotraba egiteko eginda dagoela gaineratu zuen. “Atez atekoaren arrakasta itzaltzeko, herritarren kontzientzia gero eta handiagoa den honetan errauste planta bat inposatu nahi digute”.

imgp0034 usurbilgo ituna 100504

Rebeka Ubera (Aralar) eta Duñike Arrizabalaga (Alternatiba) bozeramaile lagun zituela, Usurbilgo alkateak Gipuzkoako Foru Diputazioari egotzi dio herritarrak etsitu nahi izana, “beren lana desaktibatzeko helburuarekin”.

Lotsa gutxi izatea leporatu zion Diputazioari, tximiniarik gabeko errauste planta aurkezteagatik. “Informazioa ezkutatu nahi dute, medioak erabili, errealitatea aldatzeko”. Usurbilgo alkatearen iritziz, Gipuzkoak aukera bat merezi du hondakinen arazoa irtenbide egoki batez konpontzeko, eta berriro 6 urteko moratoria eskatu zuen Zubietako errauste plantarentzat. “Atzerabueltarik ez duen egoera bat azaldu nahi dute, baina ez da egia, denbora asko dugu arazoa konpontzeko, epe luzeko arazoa delako”. Horregatik adierazi zuen Gipuzkoako Batzarretan euren iritzia emateko bilera eskatuko dutela, eta gauza bera egingo dutela Donostiako alkate Odon Elorzarekin eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanorekin.

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

100503 festa kubo banaketaUdal teknikariak pasa berri den astean aritu dira etxeetako kubo marroiak banatzen. Atez ateko informazio bulegoan, auzoz auzo eta Done Eztebe plazan izan da ontziak jasotzeko aukera. Atzoko azken datuen arabera, herriko familien %80,5ak etxean ditu kubo marroiak, eta horiekin batera banatutako atez atekoari buruzko informazio praktiko guztia ere bai. 

Hondakinak atez ate biltzen hasteko eguna maiatzaren 5etik 23ra atzeratu denez, ontzi marroia jaso ez duten herritarrek atez ateko informazio bulegoan dute horretarako aukera. Done Eztebe plazan dago bulegoa eta astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez egoten da irekita; 09:00tik 13:30era eta 15:30etik 19:00ra, hain zuzen ere. 

Iruzkina gehitu

100502 txan festa webAtzo goizean ongietorri festa egin zitzaion atez atekoari. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina giro polita sortu zen Txan Magoarekin, haurrentzako tailerrekin eta Sahararen aldeko kantinan izan zen jan eta edanarekin. Ederki pasatu zuten gerturatu zirenek!

Iruzkina gehitu

Azpiegitura guztiak ez daude prest, eta herritarrei zerbitzu osoa eta egokia eskaintzearen mesedetan hartu da erabakia 

Oiartzungo Udala datorren maiatzaren 5ean hastekoa zen hondakinak atez ate biltzen. Aitzitik, azpiegitura arazoak direla eta, hondakinak atez ate jasotzen hasteko eguna maiatzaren 23ra atzeratzea erabaki du. 

Alde batetik, komertzio eta ostalariei banatu beharreko ontziak ez dira garaiz iritsi udalera. Beraz, ez da astirik izan komertzioei kuboak entregatzeko eta atez atekoari buruzko informazio praktikoa guztia behar bezala eta denboraz banatzeko. Bestalde, aportazio zein larrialdi guneak eta garbigunea ez daude prest. 

Oiartzungo Udalak aukera guztiak jarri ditu mahai gainean, eta erabakirik zuzen eta egokiena hondakinak atez ate biltzen hasteko eguna atzeratzea dela deliberatu du. Izan ere, hamabost eguneko epean atez atekoa martxan jartzeko beharrezko azpiegiturak prest egongo dira, eta herritarrei zerbitzu oso eta erosoa emateko aukera izango du. 

Gehiago irakurri

Iruzkina gehitu

Atez atekoa heltzear da eta Oiartzungo hainbat eragilek ongietorri festa antolatu dute Done Eztebe plazan datorren iganderako, maiatzaren 2rako hain justu.  

txan1

Goizean 10:00an hasi eta 14:00ak arte haur nahiz helduentzako hainbat ekintza antolatu dituzte. Bideo emanaldiak, hondakinei buruzko erakusketak, konpostaren txokoa, Elizalde eta Haurtzaro ikastetxeetako ikasleen lanen erakusketa, haur-jolasak, Sahararen aldeko taldeak antolatutako kantina, musika eta Txan Magoa. 

Txan Magoaren ekitaldia eguerdiko 12:00an hasiko da, eta magia egingo du hondakinekin. Ederki pasatuko dute hara gerturatzen diren haur eta helduek. 

Kubo marroiak jasotzeko azken eguna

Atez atekoari egingo zaion ongietorri festan ere jaso ahal izango dira etxerako kubo marroiak. Udal teknikariak ontziak eta atez atekoari buruzko informazio praktiko guztia banatzen arituko dira 10:00tik 14:00ra.

Iruzkina gehitu

Astelehenean hasi zen kubo banaketa eta atzo arteko datuen arabera, kubo marroien erdia baino gehiago banatu da jada, %56a hain zuzen ere. 

100426 kubo banaketa4

Herritar asko ari da kuboak jasotzen eta “aurreikuspenak betetzen ari dira”, udaletik adierazi dutenez. Igandera arte arituko dira udal teknikariak kuboak banatzen Arraguan zein Done Eztebe plazan, eta horrela jarraituta, kubo marroi guztiak banatuta egongo dira ordurako. Beraz, Oiartzungo familia guztiek etxean izango dute atez atekoa martxan jartzerako, horretarako beharrezko kuboak eta informazio praktiko guztia. 

“Oso pozik gaude herritarrak izaten ari diren jarrera eta erantzunarekin”, hala adierazi du Aitor Etxeberria alkateak. “Konfiantza osoa dugu herritarren asmo onean”. Denona da hondakinen arazoa eta denon artean eman behar diogu irtenbidea. “Etxeko konpostaren kanpainak eta kubo banaketak argi uzten dute oiartzuarrak apustuari ekiteko prest daudela”. 

100429 kubo banaketa5 iturriotz

Ostiraletik iganderako kubo-banaketaren ordutegi eta egutegia 

Gaur, apirilak 30, Arraguako frontoian (09:00-13:00) eta Done Eztebe plazan (15:00-19:00) banatuko dira kuboak. Larunbata eta igandean ere Done Eztebe plazan jaso ahal izango dira ontzi marroiak 10:00tik 14:00ra. Herritarrek ez dute zertan kuboa beren auzoan hartu, edonork edozein banaketa puntutan har dezake bere ontzia.

Iruzkina gehitu