konpostaHerritarren aldetik jasotako erantzun ona ikusita, Oiartzungo Udalak etxean konpostatzen hasteko izena emateko epea urtarrilaren 29ra arte luzatzea erabaki du. Hala nahi duenak, orain arte bezala, Done Eztebe plazako atez ateko informazio bulegoan, telefonoz (900 49 11 11), emailez (atezate@oiartzun.org) edo webgunean (www.oiartzunatezate.org) eman dezake izena. 

Orain arte 350 familia animatu dira etxeko konpostari ekitera, eta atez atekoaren gaineko aholkularitza lanetan dabilen Jon Kortajarena teknikariak datu honen garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Ez gara aspertuko etxeko konposta atez ateko bilketa sistemaren zutabe garrantzitsuenetako bat dela esaten. Izan ere, autokonpostarekin familiako urtean 500 kilo hondakin gutxiago sortzea lortzen da eta, beraz, sistema osoaren antolaketa errazagoa izango da”. 

Kortajarenak azaldu bezala, denok aterako gara irabazten. Udalak bilketa erraztu eta azkartzeaz gain, etxean konposta egiteko aukera duten herritarrek beren gisara kudeatuko dituzte sortzen dituzten hondakin organikoak, ez dituzte egun jakinetan zintzilikailuan utzi beharko. Gainera, konposta-kaxatik lorategi eta baratzarako ongarria lortuko dute. 

“Herritarrak apustuari ekiteko prest daude” 

Udala autokonposta bultzatzeko eskura dituen baliabide guztiak martxan jartzen ari da. Izena emateko epea bukatuta, hondakin organikoak beren kabuz konpostatzen hasten diren herritarrek doako ikastaroak, konposta-kaxak, 7 hilabeteko udal teknikari talde baten jarraipen eta aholkularitza teknikoa, eta urteroko zaborren tasan %20ko hobaria izango dituzte. Alkatearen hitzetan, “argi ikusi dugu, bitartekoak eskura jarriz gero, herritarrak apustuari ekiteko prest daudela”. Orain arteko emaitzak ikusita eta aurreikuspenak kontuan izanda, oiartzuarrek autokonpostarekin lor ditzaketen emaitzak oso onak izateko bidean dira.

Iruzkina gehitu