Oiartzungo Udalak lotuta ditu hondakinak atez ate biltzen hasteko beharrezko azpiegitura guztiak, eta Aitor Etxeberria alkateak gaur eguerdiko agerraldian esan bezala, “datorren maiatzaren 5ean hasiko gara hiri hondakinak atez ate biltzen”. Hurrengo hilabete eta erdian herritarrei ahal bezainbat erraztasun eta informazio praktiko eskura jartzea izango da udalaren helburua. 

100315 prentsaurrekoa txikiaOrain bi urte hasi zen gai hau lantzen Oiartzungo Udala, eta pasa den azarotik hona herritarrekin batera gorpuztu du atez atekoak herrian izango duen funtzionamendua. Orain, halaber, “heldu da sistema martxan jartzeko ordua, heldu da hondakinen arazoari egiazko irtenbidea emateko ordua”, adierazi du Etxeberriak. 

Herritarren osasuna eta ingurumena izan dira atez atekoaren aldeko apustua egiteko arrazoi nagusiak, baina egungo hondakinen bilketa nahiz tratamendu sistemak urtero sortzen duen defizit ekonomikoa arintzeko asmoz ere hartu dira erabakiak. Hondakinak atez ate biltzen hastean, sortutako errefusa kantitatea nabarmen murriztuko da Oiartzunen; horretan datza arazo ekonomikoei irtenbidea ematearen gakoa. Bilketa bera garestiagoa izango den arren, errefusaren tratamenduagatik ordaindu beharrekoa nabarmen jaitsiko da, eta birziklagarriak diren materialengatik egungo sistemarekin jasotzen ez dituen diru-sarrerak izango ditu udalak. “Momentuan kostuak zertxobait murriztea lortuko dugu, baina etorkizunean aldea gero eta nabarmenagoa izango da, errefusaren tratamendua gero eta garestiagoa izango baita”, adierazi du Etxeberriak. 

Munduko hainbat herrialdetan, Katalunian eta Usurbilen bertan izandako esperientziek atez atekoa bideragarria dela frogatu dute eta Oiartzunen ere ondo funtzionatuko duela ziurtatu du alkateak; konfiantza osoa du oiartzuarren asmo onean. “Oiartzun zerbitzu onak dituen herria izanik, hondakinen bilketa zerbitzua ere maila berean jartzeko garaia bada. Arazoak besterik ematen ez dituzten kontenedoreak atez atekoa bezalako zerbitzu garbi, eroso eta eraginkor bategatik ordezkatzeko garaia da”. 

Maiatzaren 5etik aurrera beira ez beste hondakin guztiak atez ate jasoko ditu Oiartzungo Udalak. Astelehen eta ostegunetan ontzi arinak bilduko dira; asteartetan papera eta kartoia; asteazken, ostiral eta igandetan materia organikoa eta larunbatetan errefusa. Herritarrek ilunabarreko 20:00tik 22:00ra arteko tartea izango dute beren hondakinak atarira ateratzeko. Honez gain, zerbitzu osoa eta egokia eman ahal izateko, 6 aportazio-gune (landa eremuko bizilagunentzat), emergentzi-gunea eta garbigunea jarriko dira herritarren zerbitzura.

Usurbilgo Ituna 

Oiartzungo Udalak bat egiten du pasa den ostiralean aurkeztu zen Usurbilgo Itunaren edukiarekin. Izan ere, Oiartzunen hondakinen gaiak hartu duen bideak itun horren norabide bera du; norabide berean egiten dute indar biek. Sei urteko moratoria eskaeraren ostean, Usurbilgo Ituna pauso sendo eta arrazoizkoa da. Aitor Etxeberriaren hitzetan, “ pausoz pauso, errausketarik eta zaborrik gabeko arora helduko gara; atez ateko bilketaren arora, alegia”.

Iruzkina gehitu

Gaur Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak prentsaurrekoz jakinarazi duenez, Hernaniko Udala datorren maiatzaren 9an hasiko da hondakinak atez ate jasotzen.

100212 hernani data

Lehengo uztailan erabaki zuten atez atekoa martxan jartzea eta orduz geroztik atez ateko sistema ezagutarazten eta herritarrekin batera Hernaniko errealitatera doitzen aritu dira. Gaurtik maiatzaren 9ra ere horretan jarraituko dute eta “egun horretarako dena prest izango dugu”.

Hernaniko alkateak azaldu duenez, “atez ateko bilketak ondo funtzionatzen duelako hasiko gara Hernanin hondakinak modu horretan biltzen. Demostratatuta dago, datuak hor daude. Hazkundearen mugak, berotegi efektua eta gure osasuna kontutan hartuta ari gara lanean, ez baitugu beste alde batera begira aritu”.

Bide batez, atzo Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak Gipuzkoako Diputazioari eskatutako moratoriari babesa eman dio. “Bat egiten dugu moratoria eskakizun horrekin. Gipuzkoak aukera hori merezi du eta atez atekoak ere bai”.

Iruzkina gehitu