2009ko martxoan Usurbilen atez ateko bilketa abian jarri zenetik, batez beste, etxeko hondakinen %82,33 birziklatzen da; iaz, garai berean, %28,43 birziklatu zuten. Emaitza hauek ikusita, Gipuzkoako beste udalerri batzuk hondakinen kudeaketarako sistema hau abian jartzeko asmoa agertu dute. Gure eskualdeari dagokionez, Oiartzungo Udalak Usurbilek emandako pausoak jarraitu nahi dituela adierazi du.

komertzio txikia

Oiartzungo Udalak eta Tokiko Agenda 21en Aholku Kontseiluak hondakinen kudeaketa sistema ezberdinak aztertzea adostu zuten iazko bilera batean. Aukerak aztertu ostean, urriaren 8an, Udala Tokiko Agenda 21en Aholku Kontseiluarekin bildu zen atez ateko hondakinen bilketa azaldu eta beren egitasmoak ezagutarazteko.

Proiektuari ekin aurretik, Oiartzungo Udaleko alkate, zinegotzi, teknikari eta Tokiko Agenda 21en Aholku Kontseiluko zenbait kide Usurbilgo atez ateko bilketaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzen izan ziren pasa den urriaren 15ean. Gerturatutakoek bilketa prozesuaren nondik norakoak eta herritarren beraien esperientziak ezagutzeko parada izan zuten. Biltzaileek hondakin organikoak nola jasotzen zituzten ikusita, larrialdi gunea, garbigunea eta atez ateko bilketarako herritarren zerbitzura jarri den informazio bulegoa ere ezagutu zituzten.

bilketa organikoa2

Bisitaren ostean Oiartzungo alkateak adierazi zuenez, Usurbilgo esperientziak hondakinen atez ateko gaikako bilketa aurrera eraman litekeen proiektua dela erakusten du. Oiartzunen abian jartzear den ekimenak ñabardurak izango dituela ahaztu gabe, atez ateko hondakinen bilketan herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango dela azpimarratu zuen.

2 iruzkin