Agenda ekintzaz betea!

Astea interesgarria izaten ari da, eta ostirala aprobetxatuko dugu, agenda kulturalen moduan, horren guztiaren berri emateko.

“Gipuzkoa Zero Zabor”, mugimendu soziala: Atez atekoaren aldeko eta erraustearen aurkako taldeek bat egin, eta Gipuzkoa Zero Zabor gizarte mugimendua sortu dute. Talde oiartzuarrak ere badira tartean. Gipuzkoa “Zero Zabor” lurraldea izatea bultzatzeko asmoz eta errauste-planta beharrezkoa ez dela frogatzeko sortu da taldea. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten beren burua. Ikusi hemen bideoaSMM konferentzia ekonomikoa

Atez atekoaren abantaila ekonomikoen gaineko konferentzia: Gaur goizeko 11:00an Jordi Colomer teknikari kataluniarrak atez atekoaren abantaila ekonomikoez hitz egingo du Gipuzkoako Merkataritza Ganberan. Hainbat udaletako ordezkariak eta ingurumen teknikariak izango ditu entzule. Sanmarko Mankomunitateak antolatu du eta zuzenean emango du Interneten.

Errauste-plantarentzat sei urteko moratoria eskatzeko manifestazioa: Igandean (ekainak 20) izango da Donostian: eguerdiko 12:00an abiatuko da Boulevard-etik. Usurbilgo Itunak eta Errausketaren Aurkako Koordinakundeak deituta, Zubietako errauste-plantarentzat sei urteko moratoria eskatzea da helburua. Antolatzaileek herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia.

Iruzkina gehitu

Egungo zaborren gestio eta tratamendu sistemak dituen osasun, ingurumen, ekonomia eta lege arazoen aurrean atez ateko hondakinen bilketa da konponbiderik egokiena. 

Gaur egungo zaborren bilketa eta tratamendu sistema ez da jasangarria. Kutsatze-indize altuak ditu, gastu ekonomikoa gero eta handiagoa da eta estatuko zein Europako zaborren gaineko lege eta direktibetan esaten dena ez du betetzen. Honen aurrean, Oiartzungo Udalak, Tokiko Agenda 21en Aholku kontseiluarekin adostuta, egoeraren diagnostikoa eta alternatiba ezberdinen bideragarritasuna (tekniko nahiz ekonomikoa) aztertu du. Bertatik ondorioztatu denez,  jasangarria izanik herriaren beharretara ongien egokitzen den sistema atez ateko gaikako hondakinen bilketa da eta Mendi eta Ingurumen Komisioak aho batez onartua du Oiartzungo gaikako bilketaren proiektua azaltzen duen hasierako txostena. 

Atez ateko hondakinen bilketaren lehen fasea datorren azaroaren 11an jarriko da martxan. Eztabaidatze eta erabakitze prozesua abiatuko da auzoz auzo, jatetxe eta tabernekin, komertzioekin eta landa eremuko bizilagunekin egingo diren bilerekin. Bilkura hauetan herritarren zalantza eta ekarpenak jasoko ditu Udalak eta, honen guztiaren arabera, Oiartzungo bilketa sistema definituko duten erabakiak hartuko dira. 

Alkateak, hirigintza zinegotziak eta atez ateko bilketaren arduradunak azaldu bezala, herritarren partehartzea ezinbestekoa da prozesu osoan zehar. Oiartzuarrek informazioa eskura izan behar dute eta beren beharretara egokituko den bilketa modu bat diseinatu behar da. Gauzak horrela, Udalak ahal dituen baliabide guztiak jarriko ditu herritarrengana iristeko eta eztabaidatze eta erabakitze prozesuko bileretan partehartzeko deia luzatu die bertaratzeko aukera izango duten guztiei. Honen guztiaren harira esan, informazio bulegoa jada irekita dagoela bertara gerturatu nahi duten guztientzat.

Prentsaurrekoaren bideoa: http://euskaltube.com/play.php?vid=5088

 

Iruzkina gehitu