Atzo ilunabarreko 19:30ean eztabaida eta erabakitze prozesuko 3. eta azken batzarra izan zen udaletxeko pleno aretoan.Udal ordezkariek eta informazio bulegoko teknikariek azaldu bezala, “atez atekoak Oiartzunen izango duen funtzionamenduaren oinarriak finkatuta daude eta hemendik aurrerako helburua lekuan lekuko xehetasunak definitzen joatea da”.
Orain arte hartutako erabakiak udalaren azterketa teknikoen eta auzoz auzo, landa eremuko bizilagunekin eta merkatari nahiz ostalariekin egin diren bileretan jasotako ekarpenen fruitua dira. Enrike Lekuona hirigintza zinegotziak, egindako bilerak herritar askorengana heltzeko bidea izan direla eta, beraz, jasotako ekarpenak atez ateko bilketa oiartzuarren beharretara ahalik eta ongien egokitzeko baliagarriak direla azpimarratu zuen.
Oiartzungo kaleetako hondakinak gauez bilduko dira. Bizilagunek 20:00etatik 22:00ak arteko tartea izango dute egunean eguneko hondakinak ateratzeko. Astean hirutan materia organikoa, bitan ontziak eta behin papera nahiz errefusa (birziklagarriak ez diren hondarrak) jasoko dituzte biltzaileek. Pixoihalak eta konpresak errefusa diren arren, egunero atera ahal izango dira egunean eguneko hondakin frakzioarekin batera. Bileretan jasotako proposamenak aztertuta, papera eta kartoia plastikozko poltsetan ateratzeko aukera ere izango da.
Zintzilikailuen kokapena
Gune urbanoan bizi diren oiartzuarrek begi onez ikusi dute bilketarako zintzilikailuak erabiltzea. Hemendik aurrera, pertxa hauek atari bakoitzean izango duten kokapena da definitu beharrekoa. Aholkularitza lanetan dabilen Jon Kortajarena teknikariak azterketa lanetan dabiltzala azaldu zuen. “Udalak bere proiektua egingo du atari bakoitzerako eta bizilagunek aurrez jakinarazitako 15 eguneko epea izango dute proposamena ikusi eta kontrastatzeko”.

Saila(k): Berriak, Parte-hartzea