Elegantzia, Frantzia

Jon Kortajarena udal aholkularia aktore lanetan jarri dute. Ipar Euskal Herrian eta Landen hegoaldean emititzen duen  TVPI tokiko telebista Haurtzaroko konposta-makinaren gaineko erreportaia grabatzen aritu da. TVPI “Sud Ouest” taldearen filiala da eta 500.000 biztanleko eremuan emititzen du.

091215 ikastolako makina TVPI

Erreportaiak Biarritz-ko Mundetis enpresaz dihardu. Mundetis hondakinak sortzen diren lekuan bertan tratatzeko eta bilketa kostuak murrizteko makinaria kudeatzen duen enpresa da. Konposta-makina industrialak ere badituzte beren zerbitzuen artean eta Haurtzaro ikastolakoaren funtzionamendua azaldu nahi izan dute erreportaian.

Ikastolako konposta-makina Kollvik etxekoa da eta jangelako hondakin organikoak konpostatzeko jarri zen martxan orain urte bete. Astelehenetik ostiralera egunero ematen diren 400 bazkariren hondarrak tratatuz, 2 hilabeteren buruan sortzen da abonua. Ikastolako ordezkariekin eta jantokiko langileekin egon ostean, Jon Kortajarena udal teknikariak eta Abdon Beitia Kollvik-eko gerenteak azaldu dute Haurtzaroko makinaren funtzionamendua kameren aurrean.

Iruzkina gehitu

091214 iturriozko bileraIturriozko Iturri-Berri elkartean bi taldetan aritu ginen lanean atzo ilunabarrean. Auzotarrek hondakin batzuk zein frakzioren parte ote ziren galdetzen zuten. Hainbat ez ditugu egunero sortzen eta beste batzuek, berriz, material asko izaten dituzte nahastuta. Normala denez, zalantzak sortzen zaizkigu hondakin hauek nola birziklatu behar ditugun jakiteko garaian. Baditugu gauzak erraztuko dizkiguten oinarrizko irizpide batzuk (material birziklagarriak identifikatzen dituzten geziak…), baina, bestela, beti izango dugu gure hondakinak garbigune mugikor zein finkora eramateko aukera. 

Papera eta kartoia zintzilikailura nola ateratzearen kontua da bileretan bolo-bolo dabilen gaietako bat. Auzo askotan ari gara horretaz hizketan. Iturriotzen, nagusiki, herriko komertzioetan paperezko poltsak salmentan jartzea eskatu zuten. Argi dago udalak gai hau landu eta alternatibak proposatu behar dituela. Horretan dabil, herritarren ekarpenak aztertzen eta aukerak lantzen.

Iruzkina gehitu

Bakoitzari berea

Merkatari eta ostalariekin beren beharrak definitzen saiatu gara. Gehienek oraindik ez dakite ziur zein kantitate ateratzen duten hondakin frakzio bakoitzetik. Informazio bulegoko teknikariak banakako bisitetan dabiltza, eta poliki-poliki beharrak identifikatzen nahiz  ekarpenak jasotzen ari dira.

Etxez etxeko zerbitzua oinarri hartuta, merkatari eta ostalariek zerbitzu gehigarriak izateko aukera izango dute. Egun ez bezala, ordaindutako tasa jasotako zerbitzuaren araberakoa izatea lortu nahi dugu.

Kostuak ahalik eta gehien murriztuz, zerbitzurik osoena jasotzea da helburua. Horretarako, zerbitzu gehigarrien eta lokalean hondakinak izateko dugun lekuaren arteko orekan dago gakoa. Dendan, tabernan edo jatetxean hondakinak izateko lekua badugu, ez dugu zerbitzu gehigarririk beharko eta, beraz, ez dugu kostu gehigarririk ere izango.

Irizpide hau kontuan hartuta, hainbat aukera landu genituen bileran. Alde batetik, zerbitzu gehiagarriak ahalik eta merkatari eta ostalari gehienen artean eskatzeaz hitz egin genuen, kostu gehigarriak ahalik eta gehienen artean partekatzeaz, alegia. Bestalde, garbiguneak leku arazoak konpon ditzakeela ere komentatu zen. Izan ere, proposatu daiteke garbigune fijoan merkatari eta ostalarien hondakinak jasotzeko gune bat finkatzea.

Jordi Colomer San Marko Mankomunitateko teknikaria bileretan izan da eta gerturatu direnek bere Kataluniako esperientziez… galdetzeko aukera izan dute.

Iruzkina gehitu

Gurutzeren ezaugarriak ikusita, bizilagunek atez ate noraino bilduko den galdetu ziguten. Hotelaren parean dagoen biribilguneraino edo Arkaleko bidean gora abiatuta dagoen frontoia pasa osteko etxebizitzaraino hel litezke biltzaileak atez ate biltzera. Gainontzeko auzotarrentzat, aportazio guneak aurreikusten dira. Ez da ekonomikoki bideragarria Oiartzun guztiko etxeetan hondakinak atez ate biltzea eta aportazio guneak dira honi irtenbidea emateko alternatiba.

091210 gurutzeko bilera

Aportazio guneak ez dira denen eskura dauden lekuetan kokatuko, arazotsua izan bailiteke. Aparkalekuetan, gune urbanoan… jartzea lortu behar da eta ez Usategietako sarrera bezalako toki anonimo eta isolatuetan. Etxola itxiak izango dira eta gune bat erabiltzen duten herritar guztiek giltza berdina izango dute bertan sartzeko eta beren hondakinak aportazio guneetan egongo diren 4 kontenedoreetan uzteko.

Egia da hainbat oiartzuarrek ez dutela beren hondarrak etxe atarian uzteko aukerarik izango eta, beraz, deserosutasun gehiago izango dituztela hondakinak ateratzeko garaian. Horregatik, herritar hauei bestelako erraztasunak eskaintze aldera, aportazio guneek ez dute ordutegi eta frakzioentzako maiztasun-egutegi definiturik izango.

Iruzkina gehitu

Etxekoekin ahaztu gabe

Ostegunean udaletxeko langileak izan genituen entzule. Pleno aretora gerturatu ziren Jon Kortajarena teknikariaren eta Aitor alkatearen azalpenak arretaz jarraitzera.

091210 udal langileekin bilera

Auzotar, merkatari eta ostalariei bileren 1. errondan esandakoen inguruan aritu ginen. Osasun, ingurugiro eta lege arazoak arazo, udalen ardura da herriko diru kontuak kudeatzea eta atez ateko bilketak badu zeresana gai honetan.

Aitorrek azaldu bezala, hondakinen gestioak gero eta zulo handiagoak sortzen ditu udalen zakuetan, gero eta garestiagoa da gure hondakinak tratatzea. Errauskailua eraikitzeko beharrezko diruak ere jada biltzen hasita, 3 edo 4 urtean bikoiztu egingo dira udalek herriko hondakinak tratatzeagatik ordaindu beharreko tasak. 

Egungo kontenedore sistemak goia jota, arazo honi buelta emate aldera, atez ateko bilketa da irtenbiderik osoena. Izan ere, honela, ahalik eta gehien birziklatuta, gure hondakin ia denen zikloa itxi egingo dugu eta kasik ez dugu ezer eramango zabortegietara. Beraz, birziklatzen ez dugunagatik gutxiago ordainduko dugu eta birziklatutakoagatik, aldiz, diru-sarrerak jaso. Gauzak horrela, eta bizi ditugun garai zailek ere bultzatuta, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udalez gain beste hainbatek azaldu dute bide honi ekiteko interesa.

Iruzkina gehitu

Aurpegi berri asko

Asteazkenean hasi genuen eztabaida eta erabakitze prozesuko auzoz auzoko bileren 2. erronda. Elizaldetarren txanda izan zen udaletxeko pleno aretoan. Elkartu ginetatik batzuk ez ziren 1. bileran izan eta ez da seinale txarra, horrek herritar gehiagori informazio zuzena helarazteko eta ekarpen gehiago jasotzeko aukera izaten ari garela esan nahi baitu.

091213 bilera elizalde

Talde lanetik ateratako ondorioen arabera, auzotarrek papera/kartoia eta ontzi arinentzako poltsa estandar batzuk edo eskatu dituzte txukuntasuna eta erosotasuna argudiatuz. Jakitun dira honek dakartzan kostuez, baina proposamen egokia dela uste dute. Gauzak horrela, udalak aztertuko ditu horretarako aukerak.

Zintzilikailuen bidezko bilketa sistema eta emergentzi guneen funtzioa begi onez ikusi badira ere, izan da ekarpenik. Pertxen eta emergentzi guneen arrakasta, hein handi batean, kokapenaren baitan dago. Pertxei dagokionean, etxeko ataritik ahalik eta gertuen eta biltzaileentzako leku erosoan jarri behar dira. Bi faktore horien arteko oreka topatu behar da. Portaletik zenbat eta urrunago eduki gantxoa, orduan eta inpertsonalagoa izango da eta horrek arazoak sor diezazkiguke.

091209 bilera elizalde2

Emergentzi guneak, aldiz, eskura ez ditugun tokietan egon behar lukete. Izan ere, horixe bera da beren funtzioa, emergentzi kasuetarako izatea. Bileren 1. errondan irekita edo itxita egon beharko luketen eztabaidatu da. Elizaldeko bizilagunek irekita egotearen aldeko jarrera azaldu dute. Egoera okertzen hasiz gero, izango da denbora ixteko.

Argi dago gauzak ondo egiten badakigula eta konfiantzaz ekin behar zaio erronkari. Denok eta denon artean egin behar dugu aurrera.

Iruzkina gehitu

COP15_LOGO_A_S

Nazio Batuen Erakundeak deituta 192 herrialde Kopenhagen (Danimarka) egiten ari diren goi bileran, negutegi efektua sortzen duten gasak %75 eta 95 artean murriztu behar direla adostu dute.

1990. urtea oinarritzat hartuta, 2050erako bete beharreko helburuak izango dira aipatu berri direnak. Gaur goi bilerako zirriborroa sinatu dute, inor esandakoa betetzera derrigortzen ez duen zirriborroa. Hala ere, Europako Batasunak Kopenhagen duen ordezkari Anders Turessonek esan duenez, hilaren 18an hartuko diren azken akordioek derrigorrezko atxikimendua izango dute.

Zirriborroan adostu dutenez, Kopenhagen lortutako behin betiko akordioak, edo beranduago lortutakoren batek, Kiotoko Hitzarmena ordezkatu beharko du, 2012an bukatzen baita. Kiotoko Hitzarmena 1997an sinatu zuten 150 herrialdetako ordezkariek, eta negutegi efektua eragiten duten gas isurketak murriztea du helburu.

Erabaki hauen nondik norakoak jakinda, ez dugu ahaztu behar egungo zabortegiek eta errauskailuek ere negutegi efektua sortzen duten gasak sortzen dituztela eta ekidin ditzakegula.

Iruzkina gehitu

kontenedore marroiaDonostiako Udalak esan duenez, Amara-Berriko materia organikoa biltzeko kontenedore marroia mantentzeak 100.000 euroko kostua du. Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du esperientzia pilotua, baina datorren urtetik aurrera Donostiako Udalak hartu behar ditu bere gain gastuak.

Odon Elortza eta udaletxeko ingurumen teknikariak honekin aurrera egiteko asmoa azaldu dute, baina argi utzi nahi izan dute, oraingoz, beste auzoetan ez dagoela kontenedore marroia jartzeko aukerarik.

Irakurri albiste osoa DVn.

Iruzkina gehitu