Elizaldetarrekin izandako bilera

Udalak, pleno aretoan, bere proposamena azaldu die elizaldetarrei auzotarrek egindako ekarpenak ere jasoz.

091116 elizaldeko bilera

Egungo egoeraren arazoak eta honi irtenbidea emateko irtenbiderik osasungarriena atez ateko bilketa dela azalduta, udal ordezkariek eta informazio bulegoko teknikariek udalaren proposamena aurkeztu eta arrazoitu zuten. Bilketa gauez eta hondakinak pertxetan zintzilikatuta egitea proposatu zen. Frakzioei dagokionez, organikoa astean hirutan, ontziak bitan eta errefusa nahiz papera-kartoia astean behin jasotzea egokia izango litzatekeela esan zuten.

Udalak egindako proposamenaren aurrean, gerturatu zirenek beren zalantza eta ekarpenak egin zituzten. Denei iruditu zitzaien egokia bilketa gauez egitea. Goizez eginez gero, lehen orduan atera beharko genituzke hondakinak eta ordutegi hau astebukaeretarako ezerosoa dela komentatu zen. Bestalde, gauez egitean, arratsaldetako txandan lan egiten dutenak kontuan izan behar ditugula eta bilketa kamioien soinuek arazoak ekar ditzaketela aipatu zuten beste batzuek. Honi erantzunez, gure hondakinak kamioiak egiten duen ibilbidearen baitako ordutegian atera ahal izango ditugula esan zen. Hau da, herritarren batzuk lanetik 22:00an ateratzen badira eta kamioia etxe paretik 23:00 edo 24:00 aldera pasako bazaie, izango dute tartea beren hondakinak pertxara ateratzeko. Honela ere norbaitek arazoak izaten jarraituko balu, emergentzia guneak egongo dira. Kontuan izan behar da, kamioi  hauek txikiagoak izango direla eta, soinuari dagokionez, ez dute zerikusirik izango egun bilketarako erabiltzen direnekin. 

Hondakinen bilketa zintzilikailuen bitartez egitearekin ados azaldu ziren auzotarrak. Beren iritziz, hondakinak lurrean uztea baino sistema txukunagoa da proposatzen dena. Hala ere, izan ziren honen gaineko ekarpenak ere. Papera-kartoia pertxan jartzeko Oiartzungo komertzioetan paperezko poltsak saltzea proposatu zen eta udal ordezkariek alternatiba hori kontuan hartuko zela argitu zuten.

Izan ziren atez atekoaren mekanikaz aparteko zalantzak ere. Atez ateko bilketarekin, sortzen ditugun hondakinen %20a errefusa izango da eta, oraindik orain, ezingo dugu birziklatu. Honen aurrean, erresto horrekin zer pasatuko den galdegin zuten gerturatutakoek. Egia da errefusa horrek hondakin inerteentzako zabortegi bat beharko duela, baina ez gaur egungoen moduko bertederorik ezta errauskailurik ere.

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Funtzionamendua, Parte-hartzea

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu