5. kontenedoretik haratago

Atzo ilunabarrean Altzibarko elizan elkartu ginen auzoz auzoko bileren 1. txandako azken batzarrean.

091130 altzibarko bilera

Bertara gerturatu zirenetako batzuek Oiartzunen 5. kontenedorea jartzeko aukerak aztertu ote diren galdegin zien udal ordezkariei. Udaleko teknikariak azaldu bezala, bai, aztertu da herrian 5. kontenedorea jartzeko aukera. Sistema honekin, ordea, ez dira atez atekoarekin lortzen diren birziklatze mailak lortzen.

%80ko birziklatze maila gainditzeko aukera emateaz gainera, atez atekoa 5. kontenedorea baino errentagarriagoa izan daiteke. Zabortegira joango den hondakin kopuruan dago gakoa. Zenbat eta birziklatze maila altuagoa lortu, orduan eta hondakin gutxiago eramango dugu zabortegira eta, beraz, baxuagoa izango da hondakin horien tratamendu tasa.

Materia organikoarentzat edukiontzi marroia gehitzeak egungo kontenedore sistemarekin jarraitzea dakar. Oinarrian arazoak sortzen dituen sistema da, hain zuzen ere, kontenedoreena. Egungo kudeaketa sistemarekin jarraituz gero, kontenedore grisa ez da gure kaleetatik desagertuko eta, beraz, honek dakartzan anonimato eta kontzientziazio arazoak ere ez. Kontenedore marroia herritar batzuek soilik erabiliko dute eta beste gainontzekoek materia organikoa edukiontzi grisera botatzen jarraituko dute birziklagarriak diren beste hainbat materialekin batera.  

Atez atekoa da, gaur gaurkoz, edukiontziak gure kaleetatik ken ditzakeen sistema bakarra. Beraz, bilketa sistema hau da egungo osasun, ingurumen, ekonomia eta lege arazoei irtenbide osoena ematen dien alternatiba. Hondakinena denon arazo eta ardura dela ohartuta, ohitura aldaketa txiki batekin, egungo egoerari buelta ematea lor dezakegu eta horri ekin behar diogu.  

Etiketa(k): , , , , , , ,
Saila(k): Berriak, Funtzionamendua, Parte-hartzea

2 iruzkin oraingoz

  1. Ez dakizue zertan ari zareten sartzen. Sistemak emaitza onak emango ditu, baina sufritu behar dena izugarria da (eta gainera emaitzak ere ez dira esaten duten bezain onak). Hori gutxi balitz errauskailua aurrera doa. Usurbilen funtzionatu badu izan da errauskailuari beldurra diolako jendeak, baina egiten denean…

    2009 Abenduak 1
  2. 002 Xanet

    Gaia ez zait iruditzen usurbildarrak planteatzen duen bezala egin behar denik. Zaborren kudeaketari irtenbidea eman behar zaionaren zalantzarik ez dugu. Horretarako Europara begiratzea da gure ustez hobena, han gu baino askoz ere aurreratuagoak baitaude hondakinen kudeaketan. Aurrerapen horri begiratzen badiogu, argi eta garbi ikus daiteke zaborrak era batera edo bestera bildu, lortzen diren emaitzarik hobenak %60 eta %65eko birziklatze eta berrerabiltze mailetan daudela. Arazoa gure ustez gainerakoarekin zer egin erabakitzea da. Ez da egia atez ateko bilketarekin konponbide definitiborik ematen denik. Ez da egia %80ko birziklatze eta berrerabiltze mailara iritsi denik Usurbil eta ez da egia atez ateko zabor bilketak erraustegia egitea ekidingo duenik. Europa mailan birziklatu edo berrerabili gabe geratzen den zabor kantitatea %40-%45ekoa da eta han, atez ate bildu edo edukiontzitan bildu, erraustegian bukatzen du gehienak. Europako kudeaketa: zenbat eta gehiago birziklatu orduan eta gehiago erre.

    2009 Abenduak 3

iruzkina gehitu

  1. Konektatu