Hondakinak atez ate biltzea kontenedoreetan botatzea baino merkeagoa da

Udalak hondakinen bilketa eta tratamenduaren azken datu ofizialak eta 2010erako aurreikuspenak kaleratu ditu. San Markoko Mankomunitatetik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako datu horien arabera, kontenedore bidezko bilketa atez atekoa baino defizitarioagoa da. Aurreikuspenen baitan, etorkizunean kontenedoreekin jarraitzea geroz eta garestiagoa izango da.

datu ekonomikoak kuadroa eusk

Egungo kontenedore sistemarekin aurrera eginez gero, Oiartzungo Udalak 767.476 € ordaindu beharko ditu bere hondakinengatik 2010ean. Atez ate biltzen hasita, berriz, 723.062 €. Izango diren diru sarrerak kontuan hartuz, edukiontziekin jarraitzeak 388.578 €ko defizita ekarriko du eta atez ate jasotzen hasteak 241.204 €koa. Etxeko hondakinak egoki biltzean dago gakoa. 

Oiartzungo Udalak bi ekarpen egiten dizkio San Markoko Mankomunitateari. Emandako zerbitzuengatik 105.716 € ordaintzen zaizkio eta zabortegira eramandako tona kopuruagatik orduan eta altuagoa den tasa ere bai. Zabortegia itxiz geroztik, hondakinak beste zabortegi batzuetara bideratzen dituen transferentzi-planta da San Marko. Hondakinak ez dira han bertan tratatzen eta horrek dakar tasen igoera. Udalek 125 € ordaindu behar dituzte zabortegira iristen den hondakin tonako. Orain arte bezala segita, Oiartzungo Udalak 2010ean 468.421 € ordaindu beharko ditu eta atez ate bilduta, berriz, 78.000 €.

 

Azken datu ofizialen arabera, oiartzuarrek 4.536.610 tona hondakin sortzen dute urtean. Horietatik 3.357.200 tona zabortegira bota eta 1.179.410 birziklatu egin dira. Hau da, sortutako hondakinen %26a soilik birziklatu da. Atez ateko bilketarekin, materia organikoa konpostatuta eta gainontzeko hondakinak ere egokiago jasota, %80a birziklatzera hel daiteke Oiartzun. Orain ez bezala, birziklagarriak diren hainbat hondakinek ez dute zabortegian bukatuko. 

Hondakinak etxeko atarian eta egoki jaso ahal izateko giza-baliabide gehiago eta azpiegitura berriak ezinbestekoak dira. Udalaren aurreikuspenen arabera, bilketa bera egiteko 450.255 € beharko dira eta materia organikoa tratatzeko 89.091 €. Kontenedore grisa biltzeak 193.339 €ko kostua du.

 Atez ateko bilketarako inbertsioak 

Udalak atez ateko bilketa martxan jartzeko ezinbestekoak diren inbertsioen datuak baditu. Azken proiektu eta kostuak, ordea, auzoz auzo, landa-eremuko bizilagun, merkatari eta ostalariekin egiten ari diren bileretako ekarpenen baitan definituko dira. Udalak hondakinen murrizketagatik eta birziklapenagatik Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren diru-laguntzak jasotzea espero du.

Gaur egun hondakinek sortzen dituzten osasun, ingurugiro, ekonomia eta lege arazoei irtenbidea emateko alternatibarik osoena atez atekoa da. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak egin nahi duen errauskailua ez da soluzioa eta atez atekoak baino inbertsio handiagoak behar ditu eraiki ahal izateko. Gauzak horrela, Oiartzungo Udalaren ikuspegitik, Partzuergoak errauste plantaren proiektua atzera bota behar du.

 

 

 

Etiketa(k): , , , , , ,
Saila(k): Emaitzak, Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu