260 familia, etxean konposta egiteko prest

konposta2Atez ateko bilketaren baitan hasi du udalak etxeko konposta bultzatzeko kanpaina eta pozik daude herritarrak izaten ari diren erantzunarekin. Urte hasieratik hona, 260 familiak eman dute etxean konposta egiten hasteko izena, eta hiru astean San Marko Mankomunitateak lau urtean jasotako emaitzak hobetzea lortu da. Hala nahi duenak, urtarrilaren 22ra arteko epea du izena emateko. Done Eztebe plazako atez ateko informazio bulegoan, telefonoz (900 49 11 11), emailez (atezate@oiartzun.org) edo webgunean (www.oiartzunatezate.org) egin daiteke eskaera. 

Etxeko konposta atez ateko bilketa sistemaren zutabe garrantzitsuenetako bat da. Izan ere, autokonpostarekin familiako urtean hondakin tona erdi bat gutxiago sortzea lortzen da eta, beraz, sistema osoaren antolaketa errazagoa izango da. 

Udaletik azaldu duten bezala, “denona da hondakinen arazoa eta denok dugu irtenbidea emateko aukera. Etxeko konpostaren bitartez, sukaldean sortzen diren hondakin organikoak erraz birziklatu eta ongarria lortzeko aukera dute baratza edo lorategia duten oiartzuarrek, eta horretarako ahalik eta baliabide gehien jartzea da gure helburua”. 

%20ko hobaria hondakinen tasan 

Beren materia organikoa etxean bertan konpostatzen duten oiartzuarrek %20ko hobaria izango dute hondakinen tasan. Izan ere, Aitor Etxeberria alkateak esan bezala, “familia hauen hondakin organikoek ez dute bilketa eta tratamendu gasturik izango eta horrek islada izan behar du ordaindutako tasan”. 

Honez gain, etxean konposta egin ahal izateko erraztasunak jarri nahi ditu udalak eta izena ematen duten bizilagunek doako ikastaroak, konposta-kaxak eta zazpi hilabeteko jarraipen teknikoa izango dituzte eskura. Otsailean izango dira ikastaroak eta honen ostean, konposta-kaxak banatuta, udal teknikari talde baten aholkularitza jasotzeko aukera izango dute etxean bertan konpostatzeari ekiten dioten herritarrek.

 

 

Etiketa(k): , , , ,
Saila(k): Emaitzak, Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu