Riudecanyes-ko alkateak (CIU) atez atekoari buruzko hitzaldia emango du Oiartzunen

Josep María Tost Borrás-en saioa bihar izango da asteburuan ospatuko diren nazioarteko jardunaldi batzuen baitan.  

Bihar eta etzi “Atez ateko bilketatik Zero Zaborrerako bidean” nazioarteko jardunaldiak ospatuko dira Hernani, Usurbil, Urnieta eta Oiartzunen. Udalerri horietako hainbat eragilek (Hernanin Zero Zabor, Usurbilgo Jarraipen Batzordea, Urnietako Arnasa eta Oiartzungo Agenda21), udalek eta Sanmarko Mankomunitateak antolatu dituzte jardunaldiak. 

riudecanyesSaio horien egitarauaren barne, Josep María Tost Borrás-ek (CIU) hitzaldia eskainiko du bihar, martxoak 26, Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan. Arratsaldeko 18:30ean izango da saioa. Tost Borrás Riudecanyes-ko alkatea eta “Associació de Municipis Catalans per a la Recollida Porta a Porta” elkarteko lehendakaria da. 

Riudecanyes Tarragonan dago eta 2000. urteaz geroztik biltzen dituzte beren hondakinak atez ate. Tiana eta Tora udalerriekin batera, Riudecanyes izan zen Katalunian atez atekoa martxan jarri zuen lehen herrietako bat. Orduz geroztik, 150 eta 45.000 biztanle arteko 80 herri kataluniarrek baino gehiagok ekin diote beren hondakinak atez ate biltzeari. Udalerri horien guztien elkarlana errazteko eta hondakinen atez ateko bilketa sistema bultzatzeko asmoz, “Associació de Municipis Catalans per a la Recollida Porta a Porta” elkartea sortu zuten 2002an. Esan bezala, Tost Borrás elkarte horretako lehenkaria ere bada. 

logo associacio porta a portaOiartzungo Agenda21 eta udaletik adierazi dutenez, “herrian atez ateko bilketa maiatzaren 5ean martxan jartzekoa den honetan, hitzaldia oso interesgarria izango delakoan gaude”. Horregatik, oiartzuar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte saiora. Jakinarazi dutenez, bertaratzeko aukerarik ez dutenek Oiartzungo atez atekoaren webgunean (www.oiartzunatezte.org) zuzenean jarraitu ahal izango dute hitzaldia.

Hernani, Usurbil eta Urnietako saioak 

Oiartzunen ez ezik Hernani, Usurbil eta Urnietan ere izango dira jardunaldiak. Ostiralean, martxoaren 26an, aditu kataluniarrak izango dira Hernani zein Urnietan, eta Usurbilen, berriz, “Zero Waste” (zero zabor) kontzeptuan aditua den italiar bat. 

Larunbata goizean, aditu guztiak Hernanin ospatuko den mahai inguruan izango dira. Usurbilen atez atekoa martxan jarri zuteneko urteurrena pasa berria izanik, Jarraipen Batzordeko kideek igande goizerako ekitaldia antolatu dute Usurbilgo frontoian.

Etiketa(k):
Saila(k): Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu