Oiartzungo hainbat eragilek agerraldi publikoa egin dute atez atekoaren alde

Oiartzungo osasun, hezkuntza, kirol, kultura, sindikatu eta nekazaritza munduko hainbat eragilek hondakinen kudeaketa egoki eta eraginkor baten aldeko agerraldia egin zuten ostiralean Done Eztebe plazan, atez atekoa babesten duen agiria irakurrita. 

100416 eragileen agerraldia oiartzun web

Egungo hondakinen kudeaketa sistemak goia jo duela ikusita, sortutako arazoari muin-muinetik ekin behar zaiola adierazi zuten. Egungo zabortegien ereduari irtenbidea emateko konpromisoarekin bat egin zuten, eta horretarako beste irizpide guztien gainetik osasunarena lehenesten dutela azaldu zuten. 

Errausketa bezalako tratamendu finalistak azken aukeratzat utziz eta “zero zabor” ekimenak garatzeko asmoarekin bat eginez, Katalunian, Usurbilen eta munduko beste hainbat txokotan martxan den atez ateko hondakinen gaikako bilketa nabarmendu zuten. Amaia Zubiria abeslariak azaldu bezala,  “atez ateko bilketa eraginkorra da, berehalako emaitzak lortzen ditu”. 

Horren guztiaren haritik, bat egin zuten Oiartzungo Udalak hondakinen arazoari irtenbidea ematen hasteko hartu duen bidearekin: hondakinen atez ateko bilketarekin, alegia. “Erronka horri ekiteko eta aukera bat emateko prest gaude. Badakigu denok ikasi egin beharko dugula, baina gure esku dugu guretzat eta gure seme-alabentzat etorkizun oparo eta osasuntsu bat eraikitzeko aukera, eta harro gaude aukera hori eskura izateaz”.

Ikusi agerraldiaren bideoa Oarsoaldeko Hitzaren webgunean

   

 

Hondakinen kudeaketa egoki eta eraginkor baten aldeko agiria

Oiartzunen, 2010eko apirilaren 16an  

Hondakinen kudeaketa-eredua aldatzera goaz Oiartzunen. Munduko hainbat txokotako, Herrialde Kataluniarretako eta Usurbilgo kudeaketa-sistemek bide berriak ireki dituzte. Esperientziok hondakinak kudeatzeko bide berri horiek bideragarriak direla frogatu dute, gainera. 

Horregatik, agiri honekin bat egiten dugun oiartzuarrok honakoa adierazi nahi dugu: 

1.- Gure eta gure ondorengoen osasuna da hondakinekin dugun arazoari irtenbidea emateko lehenesten dugun irizpidea. Horrek ez du esan nahi, ordea, ingurumen-, ekonomia- eta lege-irizpideak kontuan hartzen ez ditugunik. 

2.- Bat egiten dugu egungo zabortegien eredua gainditzeko konpromisoarekin, Estatuko zein Europako legeek eta zuzentarauek jasotzen duten moduan. Garai bateko Sanmarko eta egungo Sasieta, Urteta… bezalako zabortegiek goia jo dutela ikusita eta inork bere etxe alboan horrelakorik nahi ez duela jakinik, heldu da arazoaren muinera jotzeko ordua. 

3.- Gure hondakinak errausketa ez beste bide, balore, prozedura eta teknologien bidez kudeatzearen aldeko apustua egiten dugu. Errausketa bezalako tratamendu finalistengan baino konfiantza handiagoa dugu herritarrok arazoa konpontzeko dugun ahalmenean. 

4.- Bat egiten dugu, pausoz pauso, “zero zabor” ekimena garatzeko asmoarekin. Horretarako ezinbestekoa da hondakinen gaikako bilketa ahalik eta eraginkorrena eta konpostajea uztartzea. Egiaz, bi alderdi hauek osatzen dute hondakinen arazoa konpontzeko soluziobideen ardatzetako bat. 

5.- Zentzu horretan, ontzat jotzen ditugu hondakin organiko ahalik eta gehien jasotzen duten sistemak. Katalunian, Usurbilen… martxan den atez ateko bilketa-sistema nabarmentzen dugu honako arrazoi hauegatik: 

  1. Bilketa sistema eraginkorrena da: gaikako bilketan emaitza onenak lortzen dituen sistema da. Inpropio (oker sailkatutako hondakinak) maila oso baxua izaten da eta, beraz, material birziklagarrien nahiz lortutako konpostaren kalitatea ona da.  
  2. Emaitzak berehalakoak dira: Usurbilen aurretiaz zuten birziklatze maila bikoiztu zuten atez atekoa martxan jarri eta lehen hilabetean. Horrela, hondakinak beren kabuz kudeatuz, arazoa konpontzeko lehen pauso garrantzitsua eman dute. 
  3. Hondakinen gaikako bilketa sistema merkeena da. Sortutako errefusa (birziklatzen ez diren hondakinak) kantitatean dago gakoa. Errauste-planta bat eraikitzeak kostu nabarmen altuagoak ditu eta ez du hondakinen arazoa guztiz konpontzen, gainera. 

6.- Ondorioz, bat egiten dugu Oiartzungo Udalak hondakinen arazoari aterabidea ematen hasteko hartu duen bidearekin: hondakinen gaikako atez ateko bilketarekin, alegia. 

7.- Erronka horri ekiteko eta aukera bat emateko prest gaude. Badakigu aldaketa dela, ikasi egin behar dugula. Hala ere, etorkizun oparo eta osasuntsua eraikiko dugu guretzat zein gure seme-alabentzat, eta harro gaude aukera hori gure esku izateaz.

Atxikipen-zerrenda:

- M.J. Aranburu. Killikupe Emakume Taldeko kidea

- Bibiano Arbelaitz. ELA sindikatuko kidea

- Mikel Astarloza. Txirrindularia

- J.M. Beltran. Musikaria

- Jon Beloki. Mendigoizalea

- Arantza Elortza. Elizalde Eskolako zuzendaria

- Koldo Fernandez. Oiartzun Kirol Elkarteko zuzendaritzako kidea

- Lourdes Garmendia. Oiartzungo Emakume Taldeko kidea

- Aitzol Goikoetxea. Sendagilea

- Jesús González. Irakaslea

- Karlos Ibarguren. Sendagilea

- Gorka Irastortza. Ihote taldeko kidea

- J.M. Isasa. Margolaria

- Xabier Izagirre. LAB sindikatuko kidea

- Patxi Hormaza. Sendagilea

- Mikel Irigoien. Oiartzun Kirol Elkarteko lehendakaria

- Ager Iñarra. Arkitektua

- Ixiar Iñarra. Girizia Mendi Taldeko kidea

- Sorkunde Lekuona. Haurtzaro Ikastolako zuzendaria

- Arantza Manterola. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria

- Antton Mendizabal. Eskulturgilea

- Bixente Mitxelena. Segalaria

- Karmele Mitxelena. Bertsolaria

- Kepa Olaiz. Ekologistak Martxan taldeko kidea

- Arkaitz Oiartzabal. Bertsolaria

- Joxe Ostolaza. Oiartzungo Agenda21 Kontseiluko kidea

- Oihan Ostolaza. LAB sindikatuko kidea

- José Luis Paulín. Sendagilea

- Janet Pearce. Emagina

- J.L. Retegi. Esneketaria

- Gari San Jose. Eguzki talde ekologistako kidea

- Igor San Jose. ELA sindikatuko kidea

- Andoni Sorondo. Intsumisoa.

- Edurne Viñas. Korrikalaria

- Amaia Zubiria. Abeslaria

 

  

Etiketa(k): , , , , , ,
Saila(k): Berriak

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu